XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PABETIK MURUROARA

M. Atxaga

Abuztuak eskaini zizkigun azken egun zoragarri horietakoa zen.

Biarno aldera abiatu nintzen eguraldiaz, lurraldeaz, koloreaz, Pabe hiriaz eta bazter ederrez gozatzeko.

Euskadi Irratia entzunaz joan nintzen, Euskal Herritik kanpora ere, nik uste.

Ez da lehenengo aldia, jakina.

Lehen ere euskal mugetatik gaindi euskaraz entzunaz joan izan naiz Soria eta Burgos aldeetara, nire ustez.

Ustea, erdia ezezik, osoa ere ustel gerta daiteke oraingoan, Jose Luis Lizundiaren erruz ez bainaiz euskal geografian oso jantzia.

Egia da, kanpotik ahalegin haundia egin du guri geografia pittin bat irakasten.

Guk barnetegiko ikastaro trinkoak ere behar ditugu, ordea.

Horregatik jarri nuen jakinaren gainean nire lagun zaharra, batzuek PSEra eta besteak EUEra joan zitzaizkiolako, ez zerurako eta ez lurrerako geratu zenean.

Irribarre hura baiezko erantzuna izan balitz ez nuke euskal geografiaz hainbeste zalantza orain.

Dena den, Baiona inguruko lurraldearen jarraipena da Biarno aldea.

Polita eta ikuskarria.

Txukuna eta garbia.

Pau edo Pabe, berriz, hiri zoragarria da.

Etxe eder eta apainez jantzia.

Nafarroako errege-erreginei lotutako hiria baitzen.

Nafarroako parlamentuaren egoitza ere hor zen.

Hantxe biltzen da gaurregun ere Pirinio Atlantikoko Kontseilu Jenerala.

Ondoan dago XIII-XIV. mendeko gaztelua ere, Arte Ederretako museo bihurturik.

Hortxe gordetzen dira, besteak beste, Joana Albreteko eta Enrike III.a, Nafarroako erregina eta erregearen eta Enrike IV.a, Frantziako erregearen paper eta dokumentuak ere.

Honelaxe ikusmiran nenbilela, hara non irakurtzen dudan erdi aldeko kale batean: Euskal Herria askatu.

Kaleko beste edozein seinale bezain egoki eta txukun ezarria zegoen, ikurriña eta guzti.

Euskal Herrian ote nengoen ere pentsatu nuen unetxo batean.

Baina Paben nintzela ohartu nintzenean Zepai bertsolariaren hura gogoratu zitzaidan.

Zepai errezildarrak, Idiazabalen, Etxegarateko aldaparen hasieran jarri zuen taberna, bertsotatik bakarrik bizitzerik ez zuenez.

Orduan autopistarik ez zenez, turista-frantses asko ibili ohi zen errepide hartatik.

Egoki zegoen, beraz, geldiune bat egiteko Zepairen taberna.

Gure errezildarra ere ez izan batere mundurik gabea: On parle française ezarri zuen.

Taberna hartako nagusi-etxekoandreak eta zerbitzariak ezagutzen zituenak, nork hitzegiten dik hemen frantsesez? galdetu zion Zepairi adarra jotze aldera.

Zepai harrapatu zuela uste zuena toki onean zegoen!

Nork hitzegiten duen hemen frantsesez? Etortzen diren frantsesek.

Orduan ohartu nintzen neu ere Pabeko kalean idatzirik dagoen Euskal Herria askatu nork ulertuko duen.

Eta eskertu ere eskertuko nuke Euskal Herriko kaleetan hain txukun ezarriko balituzkete idatzi guztiak.

Huraxe zen bide guztian ikusi nuen seinale bakarra, bestalde.

Eta horrek ere harritu ninduen.

Emakumeak Pekinen egiten ari diren biltzarraz ezer ez ikusteak ez nau gehiegi harritzen, kartel jartzen Egizanekoak bezain treberik ez dutenez alderdi haietan.

Baina Mururoako leherketari buruz salaketa bat bera ere ez ikusteak asko harritu ninduen.

Euskal Herria eta Biarno urruti daude, nonbait. Mururoatik, hain berea duten Jacques Chirac mintzeko.

Greenpeace famatuaren esku utziak ditugu nunbait gure biziak.